Aldizkariaren historia
XVIII. mendearen bigarren aldian jaiotako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAEk) sortu zuen Egan literatura aldizkaria 1948. urtean, eta ordutik ia etenik gabe argitaratu da. EAEren Buletinaren literatura gehigarri gisa jaio zen, eta urtean lau zenbaki kaleratzen hasi ziren, euskaraz eta gaztelaniaz.
1953. urtean hasi zen euskara hutsez argitaratzen, Antonio Arruek, Aingeru Irigaraik eta Koldo Mitxelenak aldizkariaren zuzendaritza hartu zutenean, eta harrezkero Egan euskara hutsezko aldizkaria da. 40ko hamarkadan elebidun sortu eta elebakartasunera aldatu zen euskal aldizkari bakarra izan zen.
Aldizkarian argitaratzeko baldintza bakarra euskaraz izatea zen, eta kultur esparrua euskararena ere bazela erakutsi zuten (ikus orduko Asmo berriak).
Egan aldizkaria, bada, hizkuntzaren historian eta euskal literaturan eman diren gertakari eta aldaketa sakonen lekuko dugu. Euskara (hizkuntzaren batasuna, filologia) eta literatura (sorkuntza, literatura-kritika) lanez gain, ordura arte euskaraz landu gabeko gaiak kaleratu ziren.
1953-1987. Koldo Mitxelenak 1953tik hil zen arte, 1987 arte, zuzendu zuen aldizkaria, Antonio Arruerekin eta Aingeru Irigarairekin lehenik, eta 1983tik Juan San Martinekin.
1988. Eganek 1988an urtebeteko etenaldia izan zuen, Koldo Mitxelena zendu ondoren.
1989-1992. 1988ko etenaldiaren ondoren hasten da aldi berri bat, laburragoa, 1989tik 1992 arte. Lehen urtean Juan San Martinek eta Iñaki Zumaldek gidatu zuten aldizkaria.
1992-2017. 1992an eman zitzaion hasiera laugarren aldiari edo, aldizkaria euskara hutsean argitaratzen hasten denetik, hirugarren aro nagusiari. Ordutik, 1992tik, 2017 arte Gillermo Etxeberriak eta Luis Mari Mujika zenak eraman zuten aldizkariaren zuzendaritza. Epealdi horretan berrikuntza nabariak egin zituzten, aldizkariaren itxura aldatu eta “azterketa literarioa” eta kritika sailak indartu zituzten.
2018an Erredakzio Kontseilua sortu eta aro berri bati ekin genion. Egan euskara hutsezko lehen aldizkaria izanik, asmo nagusietako bat izan zen XX. mendearen erdialdean sortu eta gaur arte modu jarraian heldu denari eustea eta gaurkotzea; era berean, funtsezko baldintzak ezartzea goi-mailako aldizkaria izan dadin, eta ikusgarritasun eta hedapen handiagoa ematea.
Xede berri horiekin, ahalegin berezia egiten ari gara aldizkariaren kalitatea hobetzeko, batik bat edukiaren, hizkuntzaren eta estiloaren aldetik. Edukiaren arloan, binakako ebaluazio sistema (peer review) erabiltzen da; euskararen kalitatea zaintzen da, testua orrazten da, eta Euskaltzaindiaren arauetara egokitzen da; aldizkariaren estiloari dagokionez, jatorrizko idazlanak aurkezteko irizpideak ezarri dira eta argitalpenak bateratu dira. 2018. urtetik argitaratutako aleak dira horren guztiaren erakusgarri.
Euskarazko hizkuntza-komunitatearen tamainak muga ukaezinak ezartzen dituen arren, gogotsu heltzen diegu erronka berriei.
1948tik kaleratutako ale guztiak webgune desberdinetan egon dira irakurgai (https://andima.armiarma.eus/; http://www.liburuklik.euskadi.eus/jspui/; eta 2018tik argitaratuak: https://bascongada.eus/es/publicaciones/egan). 2019tik, OJS plataforma hau sortu zenetik, eduki guztiak webgune bakar honetan daude eskuragarri PDF formatuan.