Aldizkariari buruz

Edukia eta egitura

Egan literatura aldizkaria da, eta literatura arloko jatorrizko lanak argitaratzen ditu. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1948. urtetik argitaratzen duen aldizkaria da. 1953. urtean hasi zen euskara hutsez argitaratzen, Antonio Arruek, Aingeru Irigaraik eta Koldo Mitxelenak aldizkariaren zuzendaritza hartu zutenean. Ordutik Egan euskara hutsezko aldizkaria da (ikus Aldizkariaren historia). 

Aldizkariaren edukia, bere ibilbideari jarraituz, bi atal nagusiz osatzen da: ikerketa-artikuluak eta sortze lanak

Literatura azterketei dagokienez, jatorrizko ikerketa-artikuluak argitaratzen dira. Haren barruan, baina, egungo panorama akademikoan ohikoak ez diren saiakera eiteko lanak ere argitaratzen dira. Testu mota horiek ibilbide luzeko ikerlarien emaitzak dira sarritan, eta egungo aldizkari akademikoen testuinguruan bazterrera geratzen ari direla jabeturik, haiei ere leku egin nahi die Eganek, zehaztasun akademikoa mantenduz. Beste diziplina bati atxikiak izan arren, literaturarekin ageriko lotura izan dezaketen ikerlanak ere aintzat hartzen dira.

Literaturari buruzko ikerketen lerroa ez ezik sorkuntzarena ere zabalik du Eganek, eta poesia, narrazio laburrak eta itzulpenak biltzen ditu.

Orobat argitaratzen dira ikermaterialak (erreferentziazko edota gai zehatz baten inguruko bibliografiak, corpus argitaragabeak...), eta literaturaz diharduten liburuen aipamenak

Artikuluak kanpoko bi adituk berrikusten dituzte (itsu bikoitza prozedura), eta haien txostenak kontuan hartuta, artikulu bakoitza argitaratzeari edo baztertzeari buruzko erabakia aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak hartzen du. Gainerako idazlanek ez dute kanpo ebaluaziorik, eta Erredakzio Kontseiluak aztertzen ditu. 

Eduki horiek komunitate zientifikoari zuzentzen zaizkio eta eztabaida zientifikoa aberastu nahi dute. Aldizkariak gogoan ditu literaturazaleak ere, idazle eta itzultzaileei leku eginez sortze lanak atalaren bidez. Euskarazko hizkuntza-komunitatearen tamainak muga ukaezinak ezartzen dituen arren, gogotsu heltzen diegu erronka horiei.

Aldizkariak edizio inprimatua du, eta 2019. urtetik eduki guztiak (1948tik argitaratuak) webgune honetan eskuragarri daude PDF formatuan. 

 

Aldizkakotasuna

Seihilabetekaria. Urtero bi ale argitaratzen dira (uztaila-abendua). Urteko lehen alean argitaratzeko, jatorrizkoak martxoaren amaiera arte bidal daitezke eta bigarren alerako, irailaren 15a arte. Eganek badu, orobat, Gehigarriak izeneko bilduma, eta artikulu formatuaz gorako lanak argitaratzen dira, epe jakinik gabe.    

 

Adituen ebaluazio prozesua

Artikuluak argitaratzeko, binakako ebaluazio sistema (itsu bikoitza) erabiltzen da, zehazten den prozedura jarraituz.

Jatorrizko artikulua jaso ondoren, lehenik Erredakzio Kontseiluak aztertuko du, ebaluatzeko onartzen ala baztertzen den erabakitzeko. Artikulua aldizkariak ezarritako arauetara egokitu ez bada, atzera bota dezake Erredakzio Kontseiluak. Hala gertatuz gero, testua egileari itzuliko zaio moldaketak egin ditzan. Edozein kasutan, behin jatorrizkoa jasota, egileak astebeteko epean erabakiaren jakinarazpena jasoko du.

Artikulua ebaluatzeko onartzen bada, kanpoko bi adituri bidaliko zaie azter dezaten. Haien txostenak kontuan hartuta, aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak erabakiko du artikulua argitaratu ala ez. Onartzen bada, ebaluatzaileen iruzkin eta iradokizunak egileari itzuliko zaizkio eta hamabost eguneko epea izango du testu zuzendua bidaltzeko. 

Argitaratu aurretik, egileak idazlanaren testu maketatua jasoko du eta astebeteko epea izango du egon daitezkeen akatsen berri eman dezan. Egileak zuzenketak bidali ezean, testua ontzat eman duela ulertuko da, edo aldizkariko arduradunak egingo ditu zuzenketak, horien gainean inolako erantzukizunik izan gabe.

Argitaratutako artikulu bakoitzean, noiz jaso eta onartu den adieraziko da.

 

ISSN 

Paperezko bertsioa: 0422-7328

Bertsio elektronikoa: 2794-0454

 

Salmentari eta harpidetzari buruzko argibideak

Peña y Goñi kalea 5, 2. ezk. 20002 Donostia (Gipuzkoa).

egan.bascongada@gmail.com

comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net

 

Sarrera libreko politika

Eganek sarbide irekia eskaintzen du. Eduki guztiak doan eskura daitezke, erabiltzaileari edo haren erakundeari ezer ordaindu gabe. Erabiltzaileek aukera dute aldizkariko artikuluen testuak irakurri, jaitsi, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo estekatzeko, aldez aurretik argitaratzaileei edo egileei baimenik eskatu beharrik gabe, Open Accessen BOAI definizioaren arabera. 

Aldizkariak ez du kobratzen artikuluak bidaltzeagatik, ezta artikuluak prozesatzeagatik ere.

 

Datu-baseetan

Egan aldizkaria honako aurkibide eta datu-base hauetan dago: Aurkinet-Euskaldok; Dialnet; Euskal ondare bibliografiko digitalizatua; ÍnDICEs CSIC; Inguma, Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea; LATINDEX (2.0 Katalogoan 32 irizpide beteta); MIAR; REBIUN; ROAD, Directory of Open Access scholarly resources; SUDOC; SUSTEC; WorldCat

 

Argitaratzailea

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (EAE). Gipuzkoako Saila.

https://bascongada.eus/eu/

comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net