Bidalketak

Hasi saioa edo Izena eman bidalketa egiteko.

Bidalketa prestatzeko egiaztatu beharrekoen zerrenda

Bidalketa-prozesuan, egileek egiaztatu behar dute beren bidalketak betetzen dituela ondoren eskatzen diren guztiak, eta baliteke bidalketa egileari itzultzea gidalerro horiek bete ezean.

  • Testua ez da aldez aurretik argitaratu eta ez dago beste aldizkari batean onartze prozesuan (edo, hala balitz, azalpen egokia eman da “Editorearentzako oharrak” atalean).
  • DOC(X) edo ODT formatuan dago.
  • Testuak betetzen ditu “Egileentzako gidalerroak" atalean egiturari eta formatuari buruz adierazten diren baldintzak.
  • Testua zuzendu da zuzentzaile ortografikoaren bidez, hutsak eta espazio bikoitzak saihesteko.

Egileentzako gidalerroak

1. Bidalketa egiteko argibide orokorrak

  • Bidalketa egiteko "Izena eman" edo "Hasi saioa".
  • Jatorrizkoak euskarri elektronikoan (DOC(X) edo ODT formatuetan) bidaliko dira; PDF bertsio bat ere bidal daiteke. Lanen bidalketak online egin behar dira, OJS plataformaren bidez: https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/submissions. OJS erabiltzeko zailtasunik izanez gero, bidali egan.bascongada@gmail.com helbidera.
  • Egilearen datuak beste dokumentu batean bidaliko dira, fitxategi osagarri gisa ("Egile(ar)en datuen dokumentua"): izen-abizenak, filiazioa (unibertsitatea, erakundea...), helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa.
  • Artikulua bera fitxategi nagusia izango da ("Artikuluaren testua"), eta egile(ar)en datuak dokumentua fitxategi osagarri gisa igoko da ("Egile(ar)en datuen dokumentua"). 
  • Bidalitako fitxategiak izenburua, laburpena eta gako-hitzak izan behar ditu, euskaraz eta ingelesez. Beraz, "3. Metadatuak sartu" urratsean, izenburua euskaraz idatzi eta, parentesi artean, ingelesez. Laburpena atalean, idatzi euskaraz, sartu (tartea utzi) eta idatzi ingelesez. Gako-hitzak euskaraz idatzi eta, parentesi artean, ingelesez; hizkuntza bakoitzean, gehienez sei gako-hitz idatziko dira. 
  • Egileak metadatuetan identifikatzen dira, goian adierazitako "3. Metadatuak sartu" urratsean. Formularioan egileen datu guztiak, izen-deiturak, filiazio akademikoak eta helbide elektronikoak agertzen dira, baita izenburua, laburpena eta gako-hitzak ere, euskaraz eta ingelesez. 

2. Argitalpenerako gidalerro orokorrak

  • Egan aldizkariak literatura arloko jatorrizko artikuluak argitaratzen ditu, baita beste diziplina bati atxikiak izan arren, literaturarekin ageriko lotura izan dezaketen ikerlanak ere. Sortze lanak atala ere zabalik du aldizkariak, eta poesia, narrazio laburrak eta itzulpenak jasotzen ditu.  
  • Idazlan argitaragabeak onartuko dira.
  • Egileek ziur egon behar dute bidali duten lana erabat originala dela; alegia, ez duela plagio arrastorik. Plagio deritzogu egileak inoren lana berea balitz bezala aurkezteari, horren barnean dagoelarik besteen esaldi, ideia eta kontzeptuen iturriak behar bezala aipatu gabe ematea (ikus 4. atalean plagioaren aurkako neurriak). 
  • Artikuluaren testua anonimoa izango da.
  • Testua euskara batuan idatzita, zuzentzaile ortografikoaren bidez hutsak zuzenduta eta ondoren zehazten diren arauetara egokituta bidaliko da.
  • Artikulua argitaratzeko, Erredakzio Kontseiluak kanpoko bi adituren iritzia jasoko du (ikus 6. atalean adituen ebaluazioa); gainerako idazlanek ez dute kanpo-ebaluaziorik izango.
  • Urtean bi ale argitaratzen dira, baita paperean ere: urteko lehen alean argitaratzeko, jatorrizkoak martxoaren amaiera arte bidal daitezke eta bigarren alerako, irailaren 15a arte.

3. Jarraibide etikoak

Aldizkariak erreferentziatzat hartzen du COPEk (Committee on Publications Ethics) aldizkari zientifikoetarako ezarria duen jokabide eta jardunbide egokien kodea: https://publicationethics.org/.

Irregulartasunen bat edo zalantzaren bat sortzen bada, COPEk (Committee on Publication Ethics) eskuragarri jarritako diagrama fluxuari jarraituko zaio (http://publicationethics.org/files/All_Flowcharts_Spanish.pdf), eta horri jarraiki harturiko erabakiari ezingo zaio apelaziorik egin.

Aldizkariak une oro bermatuko ditu ebaluazio prozesuaren konfidentzialtasuna, ebaluatzaileen eta egileen anonimotasuna, ebaluatutako edukia eta ebaluatzaileen txostenak. Era berean, edozein egilek aldizkariko Erredakzio Kontseiluari helarazten dizkion azalpenen edo kexen konfidentzialtasuna gordeko da. 

4. Plagioaren aurkako neurriak

Eganek plagioaren aurkako Turnitin berariazko softwarea erabiliko du eskuizkribuen originaltasuna bermatzeko.

Prozedura horri esker, originaltasun-estandarrak ziurtatuko dira eta antzekotasunak antzemango dira argitaratzera bidalitako testuen eta aurretik beste iturri batzuetan argitaratutakoen artean.

Plagio edo iruzur zientifikoko jardunbideak hautematen badira testua baztertu egingo da, bai aurretiazko berrikuspenean, bai kanpoko adituen azterketa edo argitalpen berrikuspena hasi ondoren.

5. Jatorrizko artikuluen egitura eta formatua

5.1. Egitura

  • Testua ikerketa-artikuluen ohiko atalez osatua egotea gomendatzen da: sarrera (artikuluaren gaia, helburuak eta metodologia zehaztuz), artikuluaren erdiko atalak, ondorioak eta, amaitzeko, bibliografia eta eranskinak.

5.2. Formatu orokorra

  • Izenburua: Times New Roman 14, letra xehe lodian, erdian lerrokatua. Azpian, letra mota berean, ingelesez idatziko da.
  • Laburpena eta gako-hitzak: izenburuak Times New Roman 12, letra xehe lodian, ezkerrean lerrokatuak. Laburpenaren testua paragrafo bakarrean, eta ingelesez ere idatziko da. Gako-hitzak ere euskaraz eta ingelesez adieraziko dira, eta gehienez ere sei idatziko dira.
  • Testua: Times New Roman 12, justifikatua, lerroarte bakuna. Paragrafoaren hasieran 1,25 cm-ko koska utziko da, eta paragrafotik paragrafora lerro zuri bat.
  • Atalak. Maila hauek bereiziko dira: 1. Lehen maila (12, letra xehe lodia); 1.1. Bigarren maila (12, letra xehe lodia); 1.1.1. Hirugarren maila (12, letra lodi etzana). Guztiak ezkerrean lerrokatuta joango dira eta amaieran punturik gabe.
  • Ortotipografia
    • Komatxo moten mailaketa: “xxx «xxx» xxx” . Komatxo bakunak (‘ ’) hitz bakanen adiera edo itzulpenak emateko erabiliko dira.
    • Puntua beti ixteko komatxoen ondoren idatziko da: “esan zuen”.
    • Letra etzanez joango dira beste hizkuntza batean idatzitako hitz solteak, metalinguistikoki erabilitako terminoak, liburuen izenburuak eta aldizkarien edo egunkarien izenak. Halaber, letra etzanez idatziko dira izen-abizenen ondoan aipatzen diren goitizenak: Juan Jose Alkain, Udarregi; bakarrik doazenean, letra arruntez.
    • Etzanean edo komatxo artean diren hitzen ondoko deklinabide-atzizkia marratxorik gabe idatziko da: Eganen.
    • Siglak: maiuskula txikian.

5.3. Aipuak

    • Lau lerro baino laburragoak “komatxo” artean testuan bertan jasoko dira. Aipu luzeak aparteko pasartean idatziko dira, testuko letra-tamaina berean, 2 cm-ko koskarekin lerro guztietan eta komatxorik gabe. Aipuaren aurretik eta ondoren tarteko lerro zuri bat utziko da.
    • Bertsoa denean 2 cm-ko koskarekin sartuko da, baina “komatxo” artean. Bertsoen edo olerkien hitzak lerro betean idazten direnean, bertso-lerroak bereizteko zehar-marra erabiliko da eta alde banatan zuriunea utziko da: xxx / xxx.
    • Salbuespen gisa bestelako jokabideak ere onar daitezke, testuaren segidak edo bestelako arrazoiek hala eskatzen badute.
  • Aipu barruko idazketa
    • Aipuaren barruko paragrafo artean lerro zuririk ez sartu.
    • Idatzi gabe utzi den testu zatia kako zuzenen artean hiru etenpuntu jarrita adieraziko da.
    • Jatorrizko testuan ez dauden hitzak eransteko kako zuzenak erabiliko dira.
    • Egileak nabarmendu nahi dituen hitzak letra etzanez jarriko dira.
    • Oin-oharretako aipu luzeak koskarik gabe eta komatxo artean idatziko dira.
    • Aipuaren amaierako puntua erreferentziaren ondoren ipiniko da.
    • Azpimarra gurea, itzulpena gurea moduko oharrak erreferentzia bibliografikoaren ondoren idatziko dira: (Biasi, 1998. Itzulpena gurea).

5.4. Oin-oharrak

    • Oharren deia zenbakien bidez egingo da, eta zenbakia puntuaziomarkaren aurretik joango da.
    • Orri-oinetan agertuko dira, eta ez testuaren bukaeran. Orri-oinean letra-tamaina: 10.

5.5. Erreferentzia bibliografikoak

    • APA arauak jarraituko dira erreferentzia bibliografikoetarako. Oinarrizko arauak azaltzen dira hemen. Xehetasun gehiago behar izanez gero, ikus: https://normas-apa.org/wp-content/uploads/Guia-Normas-APA-7ma-edicion.pdf

5.5.1. Testu barruko erreferentzia bibliografikoak

    • Autorea-urtea sisteman antolatuko da, modu honetan: (San Martin, 2001, 195-196. or.).
    • Autore ezberdinen aipamenak puntu eta komaz bereiziko dira: (Grésillon, 1990; Hay, 2002). Autore bakar baten lanak aipatzean, komaz banatuko dira: (Irigarai, 1953, 1954).
    • Autorearen izena diskurtsoaren parte bada, aski da argitalpen urtea eta orriak adieraztea.
    • Orrialde zenbakiak osorik idatziko dira: 316-319 (eta ez 316-9).
    • Jarraikoak ez badira, komaz bereiziko dira: 5, 16.
    • Liburukiak dataren ondotik jarriko dira, koma batez bereiziz: (Vinson, 1983, I, 5-46. or.)

5.5.2. Bibliografia

    • Atal honetan zerrendatuko dira testuan zehar erabili diren erreferentzia guztiak, eta ez besterik, Bibliografia izenburupean: Times New Roman 12, letra xehe lodian, ezkerrean lerrokatua.
    • Sarreren artean lerro zuririk ez, baina bigarren lerrotik aurrera 1 cm-ko koskarekin.
    • Hurrenkera alfabetikoan antolatuko da. Autore batek lan bat baino gehiago duenean, sarrera bakoitzean errepikatuko da bere izena. Autore baten lanak kronologikoki zerrendatuko dira, eta urte bereko argitalpen bat baino gehiago aipatzen bada, letrak ezarriko dira urtearen jarraian: 1981a, 1981b... Beste autore batekin edo batzuekin egindako lanak bakarka egindakoaren ondoren joango dira, alfabetikoki eta kronologikoki zerrendatuak.
    • Deitura(k) letra xehean, hasierakoa(k) salbu. Izenaren iniziala. Autore bat baino gehiago dagoenean komaz bereiziko dira, eta azken autorearen aurretik “&” zeinua jarriko da: Deitura, I., Deitura, I. & Deitura, I. Hiru autoretik gora “et al.” laburdura erabil daiteke, letra arruntez.
    • Liburuak
      • Deitura, Izenaren iniziala. (Argitalpen urtea). Izenburua. Argitaralekua: Argitaletxea. 
              Artze, J. (2013). Bizitzaren atea dukegu heriotza. Donostia: Elkar.
      • Sailak eta bildumak argitaletxearen ondotik idatziko dira, koma batez bereiziz: Kardaberaz, A. js (2004) [1761]. Eusqueraren berri onac. Bilbo: Euskaltzaindia, Euskararen lekukoak 23.                                                    
      • Informazio gehigarria erantsi nahi denean, amaieran idatziko da kako zuzenen artean: Bordieu, P. (1992). Les règles de l’art. Genèse et structure du champ littéraire. Paris: Seuil. [Gazt. ed., Kauf, T. (1995). Las reglas del arte. Génesis y estructura del campo literario. Bartzelona: Anagrama].
    • Liburuetako kapituluak
      • Deitura, Izenaren iniziala. (Argitalpen urtea). Kapituluaren izenburua. In Argitaratzailearen izenaren iniziala. Deitura (arg.), Liburuaren izenburua (xx-xx. or.). Argitaralekua: Argitaletxea.  Mitxelena, K. (1981). Euskal literaturaren bereizgarri orokorrak. In A. Tovar et al. (arg.), Euskal linguistika eta literatura: bide berriak (259-278. or.). Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.
      • Izenbururik gabeko sarrerak edo hitzaurreak kako zuzenen artean adieraziko dira: Mujika, L. M. (1979). [Hitzaurrea]. In J. M. Lekuona (arg.), Ilargiaren eskolan (7-14. or.). Donostia: Erein.
    • Artikuluak
      • Deitura, Izenaren iniziala. (Argitalpen urtea). Artikuluaren izenburua. Aldizkariaren izena, zenbakia, orrialdea-orrialdea. Etxeberria, G. (2001). Euskal kultura eta literatura 50eko hamarkadan. Egan, 3/4, 5-8.  https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/article/view/3153                                                                                                                               
    • Egunkariak
      • Egunkari baten data osoa eman behar denean, egilearen atzetik urtea bakarrik idatziko da eta data osoa egunkariaren izenaren ondotik: Sarasola, I. (2016). Gabriel Arestiren Harri eta Herri-tik desagerturiko bi poema. Berria 2016-02-23.
    • Argitalpen elektronikoak
      • < > artean: <http://journals.openedition.org/lapurdum/1211>.
      • Argitalpenari doi identifikatzailea (Digital Object Identifier) esleitu bazaio, urla ordezkatzen du: doi: xx.xxxx

6. Adituen ebaluazioa

Artikuluak argitaratzeko, binakako ebaluazio sistema (itsu bikoitza) erabiltzen da, zehazten den prozedura jarraituz.

Jatorrizko artikulua jaso ondoren, lehenik Erredakzio Kontseiluak aztertuko du, ebaluatzeko onartzen ala baztertzen den erabakitzeko. Artikulua aldizkariak ezarritako arauetara egokitu ez bada, atzera bota dezake Erredakzio Kontseiluak. Hala gertatuz gero, testua egileari itzuliko zaio moldaketak egin ditzan. Edozein kasutan, behin jatorrizkoa jasota, egileak astebeteko epean erabakiaren jakinarazpena jasoko du.

Artikulua ebaluatzeko onartzen bada, kanpoko bi adituri bidaliko zaie azter dezaten. Haien txostenak kontuan hartuta, aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak erabakiko du artikulua argitaratu ala ez. Onartzen bada, ebaluatzaileen iruzkin eta iradokizunak egileari itzuliko zaizkio eta hamabost eguneko epea izango du testu zuzendua bidaltzeko. 

Argitaratu aurretik, egileak idazlanaren testu maketatua jasoko du eta astebeteko epea izango du egon daitezkeen akatsen berri eman dezan. Egileak zuzenketak bidali ezean, testua ontzat eman duela ulertuko da, edo aldizkariko arduradunak egingo ditu zuzenketak, horien gainean inolako erantzukizunik izan gabe.

Argitaratutako artikulu bakoitzean, noiz jaso eta onartu den adieraziko da.

 

Pribatutasun-adierazpena

Webgune honetan jasotako izen-deiturak eta helbide elektronikoak aldizkarian adierazitako helburuetarako soilik erabiliko dira, eta ez dira erabilgarri izango beste xedeetarako edo beste inorentzat.