Publicado 2021-05-01
Cómo citar
Resumen
Léon Azoulayk, Parisko 1900eko Erakusketa Unibertsalaz baliaturik,
euskara mintzatuaren aurreneko lekukotasun soinudunak bildu zituen.
Audio haietako batzuk euskal kanten aurreneko agerpen grabatuetako
batzuk ere badira; hori dela-eta grabazio-bilduma hura euskal musikologia
grabatuaren hasierako mugarrietako bat ere badela esan genezake.
Artikulu honetan plazaratu nahi izan dut azken 20 urte hauetan grabazio
haien inguruan eskuratu dudan informazio guztia, 1999. urtetik gaur
egunera bitartekoa alegia, urte hartan aurkitu bainituen ordura arte ezezagunak
ziren grabazio haiek, Parisen.
Artikulu honek badu aurrekari bat, nik aldizkari honetantxe mende
honen hasieran argitaratutako artikulu bat: “Euskarazko lehen soinuak
(1900)” (Lopez de Arana, 2002). Izan ere, artikulu hartan emandako pasarte
batzuk ekarri ditut artikulu honetara, hainbat datu zuzenduta. Gainera,
orduan emandako informazioa hobeto antolatu eta hamaika xehetasunez
hornituta garatu dut. Funtsean, artikulu honetan bildu, eguneratu,
garatu, aberastu eta hobetu nahi izan dut harako artikulu hura. Joan
deneko 20 urte honetan lortutako informazio eta datu guztiak leku bakar
batean bildu eta ganorazko argitalpen batean zabaldu nahian erabaki dut
artikulu hau plazaratzea. Datu batzuk neure kasa lortu ditut; beste
batzuk, ordea, nire inguruko zenbait adituk eman dizkidate, musika arloko
datuak batik bat. Ahaleginak ahalegin, gai batzuk argitzeko geratu
dira, besteak beste, euskal bi fonografiatu nortzuk izan ziren; horra ikertzaile
ausart baten edo batzuen lan-eremu ezin aproposagoa.